lunes, 17 de diciembre de 2012

Emakumeei inposatutako edertasun eredua salatzeko ekintzak egin ditu Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak

topatu.info
Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak emakumeei inposatzen zaien edertasun eredua salatzeko hainbat ekintza egin ditu. Oraingoan, depilatzearen eta pisuaren inguruko salaketak egin dituzte. Horien artean, aulario aurrean edertasunaren inguruko parodia bat. Bideoa albistearen barnean dago ikusgai!


Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldearen oharra:
Ez dugu praktiken epaile izan nahi, noiz, zergatik depilatu, argaldu ala ez, ispiluaren aurrrean zenbat denbora pasa, arropa ze dendatan erosi…norberak ikusiko du. Helburua inposaketa eta sistema patriarkar-kapitalistaren interesak erakustaraztea izan da.Duela aste batzuetako margoketen ildotik jarraituz, aurreko asteko ekintzarekin ere emakumeoi inposatzen zaigun edertasun eredua salatu nahi izan dugu. Zehazki ileen eta pixuaren kontuan zentratu gara, izan ere honekin bereziki bonbardatzen gaituztela iruditzen zaigu. Hanketan, eta batez ere besazpitan, bibotean, alu inguruan ile gehigi edukitzea, edo ileak edukitzea zikina, itsusia, antimorboa, maskulinoa, nazkagarria… dela sartzen digute. Eta kokotseko, bularaldeko, ipurdiko, edota beste atal batzuetako ileei dagokienez, erabat ikusezin nahi dituzte emakumeon kasuan. Aldageletan ba al da inor toki hauetan ilerik duenik? Emakumeok ez omen dugu atal horietan ilerik. Baina badakigu hau gezurra dela, eta zerrikeria hau estetikaren bidez dirua irabazteko eta naturala, biologikoa omen den emakume eta gizonen “diferentzia” argi geratzeko egiten dutela. Ez depilatzea erabakitzen dugunok begiradak, komentarioak etabar jasan behar izaten ditugu. Pixuari dagokionez ere, argal egoteko izugarrizko presioa daukagu, eta askotan osasunaren izenean saltzen digute hau. Honen atzean ere kontsumismoa eta negozioa: kirurgia plastikoa, sasidietetika, argaltzeko krema eta produktu ezberdinak… Honek guztiak gure autoestimari erabat eragiten dio, eta askotan mugatuta sentitzen gara adibidez ligatzerako orduan, hondartzara joatekoan, soineko edo gona bat janzterakoan… gure egunerokotasunean. Geure buruekin gustora egon beharrean besteei (ta batez ere printze urdinari) gustatzearekin obsesionatu nahi gaituzte. Presio hauekin ez da batere errexa geure buruekin gustora egotea noski, eta boteredunek hain zuzen ere horrelako jendea nahi dute, esanak zintzo jarraituko dituena, errebelatuko ez dena.
LEGEAK ETA NEGOZIOAK GURE GORPUTZETATIK KANPORA!!
GURE BASO ETA ILEAK DEFENDA DITZAGUN!